XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Postu horretatik norbaitentzat berezia zarela adierazten duen postutik erretiratzea, latza da.

Pertsona batekin imajinatzen zenuen hurbiltasun xamurretik urruntzea, latza da.

Batzuen artean beste bat izatea ere latza da, zuretzat berezia denarentzat zu berezia ez izatea latza den bezalaxe.

Guretzat berezia den horren oroitzapenean beste oinatzak, besterenak eta ezezagunak, gogoratu beharra latza da.

Elurretan oinatzak denboraren poderioz elurrez estaltzen dira, edo denbora aurrera joan ahala urtu egiten dira elurrarekin batera.

Baina oroimenean oinatzak ez dira urtzen, ez dira oinatz horiek ezerekin estaltzen, ez denborarekin ez urtaroen igarotzearekin.

Ahanzturak bakarrik estal ditzake oinatzak oroimenean, eta dena ahaztea, ondo dakigun bezala, zaila da, arrunt zaila.

Horretan ere denok berdinak gara.

Desberdintzen gaituena, denoi gertatzen zaigunaren aurrean bakoitzak egiten duena da.

Dionisiok bere andrearen hilobiaren aurrean egin zuena, ikusirik bere andrearen bihotzak eskubidea ematen ziela besteei ere eta ez berari bakarrik hilobian bisita egiteko, elur pilota bat hartu eta andrearen hilobiari amorrazioz botatzea izan zen.

Ez pilota asko, ez, andrearen hilobiaren inguruan zeuden oinatz guztiak estaltzeko, zeren oinatzak ordurako grabatuta baitzeuden Dionisioren oroimenean, eta elurrak, gauza jakina hau ere, ezin du oroimena zulatu.

Elur pilota bakar bat bota zion hilobiari (...)